
TAO Dance Theater taldeak nazioarteko sari ugari jaso ditu bere ibilbidean, Veneziako 2023ko Bienaleko Zilarrezko Lehoia barne. Egoitza Beijingen duen Txinako talde hau munduko agertoki nagusietan aritu da, tartean New Yorkeko Lincoln Center Art Festival, Londresko Sadler’s Wells, Sydneyko Opera eta Parisko Théâtre de la Ville aretoetan. 2008an sortu zuten Tao Ye eta Duan Ni koreografoek eta Wang Hao ekoizleak, eta mugimenduaren ikuspegi berritzaileak nabarmentzen du, Mugimendu Zirkularraren Sistema izeneko gorputz-teknikak.
2008an hasitako Numerical Series sail koreografikotik ateratako bi pieza dira 13 eta 14. Sail horrek, estetika minimalistarekin, are gehiago azaleratzen du gorputzaren mugimenduaren egia. Bi obretan, TAO Dance Theater taldeak sinpletasunaren edertasuna erakusten du, eta, fokua gorputzera eta talde-lan izugarrira itzuliz, liluratuta utziko gaitu emanaldi osoan zehar.
Tao Yeren arabera, txineraz, 13 eta 14 zenbakien ahoskerak esamolde baten antza du fonetikoki, zerbaitek bizitza osoan irauteko nahia adierazten duen esamolde batena. Lehen piezan, Mugimendu Zirkularraren Sistemaren prozesua, borroka eta esplorazio-bidaia jorratzen dira. Bigarren pieza koloretsuan, berriz, ikasitako guztiaren gailurra, dantzaren adierazpen puruaren ospakizuna eta dantzaren sintaxia muga ezagunez harago eramateko moduko gorputz-hizkuntzaren menderakuntza-maila.
Fitxa artistikoa: