Tolosako 2024-2025eko Gabonetako egitarauaren barne.
Olentzero eta Mari Domingiren etorreraren kalejira indartu eta haurrei parte hartzeko aukera zabaldu asmoz, berrikuntza nagusi bat izango da aurten. Abenduaren 24ko ibilbidean, Gure Zirkuako kideek gidatuta, 3 pertsonaia berri gorpuztuko baitituzte aisialdi taldeetako haurrek.
Urtero moduan, lastargi eta kriseiluekin joango dira talde batzuk. Bada, aurten, Olentzeroren laguntzaileak (kafe zakuak soinean jantzita), Galtzagorriak eta Joaldun itxurako pertsonaiak ere joango dira, zintzarriekin. Azken hauen kasuan, norberak egin beharko ditu txapelak. Horretarako, Gazte Topaguneak tailerrak eskainiko ditu abenduaren 5, 7, 13 eta 20an, 17:00etatik 20:00etara.
Kalejira 18:00etan abiatuko da, Plaza Zaharretik eta honako ibilbidea egingo dute: Zerkausia kalea – Korreo kalea – Gorriti plaza – Barrena-Rondilla kalea – San Frantzisko pasealekua, Geltoki kaleraino. Goizean, berriz, Gure Zirkuan izango dira Olentzero eta Mari Domingi, 10:30etik 13:30era. Sarrera librea izango da.