Tolosako 2025eko Sanjoanak ekainaren 20tik 24ra ospatuko dira, nahiz eta hurrengo asteburuan, hilaren 14 eta 15ean, jai giroko ekitaldi ugari izango diren jada. Jarraian, aurtengo nobedade nagusiak.
Jaiei hasiera emango dien txupinazoan, berriz, protagonismoa Tolosa Kantarik izango du, suziria botatzeko hautatu baitute taldea, kantu herrikoiak bizirik mantentzeko eta musikaren bidez herritarrak batzeko egiten duten ahaleginagatik.
Musika ikuskizunei dagokienean, herriko musika-talde eta txarangen urteroko ikuskizunez gain, Lukiek, Mirua, DJ Fresa Morango, The Hastelens, Oxabi, DJ Fulana, Maren, La otra oreja (tributua), Dupla eta Muxutruk entzuteko aukera izango da. Udal Txistulari Bandak antolatuta, berriz, Arnas Berriz izeneko txistulari kontzertu berezia izango da hilaren 22an. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako txistularien laguntza ez ezik, Gozategi eta Pirritx eta Porrotxen laguntza izango du oholtzan herriko txistulari bandak.