Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 35 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 29 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, 12 katedra ere sortu ditu beste horrenbeste unibertsitatetan. Ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo ezberdinetako adituak gonbidatu ditugu, aurreko urteetako bide beretik. Hortik Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XV izenburua.
Aurtengoan, ikastaroa bertatik bertara edo online jarraitu ahal izango da, eta gure jardunean euskara nola edo nondik kontatzen dugun galderari erantzuten saiatuko gara, moderno den horretatik kontatzen ote dugun ala tradiziora jota bakarrik. Modernoa al da euskara?
Helburuak
Nazioartean edo testuinguru eleanitzetan, oro har, euskara kontatzeko dugun moduari erreparatzea: zer eta nola kontatzen dugun.
Gaur egun euskararen esparruan sortu diren lanerako eta gogoetarako bide berriak ezagutzea.
Etorkizunera begira euskarak dituen erronken berri izatea.
Jarduera nori zuzenduta