Jose Migel Barandiaranen ekarpena oso garrantzitsua izan da hainbat ikerketa ildotan: Arkeologia, Etnografia, Antropologia Kulturala edo Mitologia. Haren bizitzari buruzko ikuspegi orokorra dugu, baina badira hain ezagunak ez diren gaiak, hala nola bere prestakuntza urteak edota baita Gerra Zibilak eten zuen ikertaldeko kideen (Telesforo Aranzadi, J.M. Barandiaran, Enrique Eguren) arteko giza harremana ere. Aitzindaritzat jo daiteke euren lana, eta Euskal Historiaurreari buruzko ikerketak sendotzea ahalbidetu zuen. Ikerketa horiek euskararen eta, oro har, euskal kulturaren inguruko jardueren loraldia gertatu zen hamarkadetan egin ziren.
Beren landa-lanen emaitza emankorrek, arkeologian zein etnografian, aukera ematen diete hurrengo belaunaldiei eremu horietan bildutako datuetan eta informazioan sakontzeko. Euskal mitoak Europako kontinentean dauden beste antzeko mito batzuen argitan berrinterpretatzen dira. Aztarna arkeologikoak eta antropologikoak aztertzeko metodologian egindako aurrerapenek (genetikoak, datazioak, hizkuntzalaritzakoak, etab.) eta esku-hartze arkeologiko berriek Euskal Herriaren iraganaren ikuspegi sakonagoa eta osoagoa ematen ari dira.
Jose Migel Barandiaranen bizitzan eta lanetan sakontzea, balioa emateko eta haren ekarpenak gizarteratzeko. Euskal Historiaurrearen oinarriak finkatu zituen diziplina anitzeko lehen ikerketa taldearen inguruan sakonduko da.
J.M. Barandiaranen bizitza eta lanak garaiko gizartean nola txertatzen ziren azaltzen saiatzea.
Euskal mitologiako pertsonaia entzutetsuenen eta megalitoen onomastikaren inguruko hausnarketa eta interpretazioak ekartzea.
Azken mende eta erdian euskaldunen jatorriari buruz aurkeztutako hipotesien analisia egitea eta gaur egungo ikerketa paleogenetikoen ikuspegiarena.