
Ertz desberdinetatik, XXI. mendean, XX. mendetik jasotako galdera kritikoak birformulatuko dira. Euskal literaturaren kritikan dauden kezka eta erronka berriei eutsiko zaie. Xedea bide berriak sortzea da ikerlari, irakasle eta ikasleentzat, hainbat ikerketa-lerrotan: azken urteotan pil-pilean dagoen autonomiaren auzia; egiletasun berriak eta horiek literatur genero hibridoetan duten eragin zuzena; edota klima-larrialdiak literaturaren zerumugan eta irudimen kolektiboan duen eragina.
Euskal kritikagintzak tradizio teoriko sendoa du, Jesus Maria Lasagabaster adituaren garaian eraiki baitzen. Belaunaldi bat baino gehiago ari dira elkarlanean, eta ikastaroaren helburua genero-, adin- eta pentsamendu-aniztasun hori azaleratzea da, bide kritiko berriak eraikitzeko. Ikastaro honetan hiru belaunaldi elkartuko dira, beraien praktikak, ezagutza eta esperientziak partekatzeko.