
“Categorías diagnósticas y perfiles funcionales en la población infantil con problemas de lenguaje / Hizkuntza-arazoak dituzten haurren artean identifikatzen diren kategoriak eta profil funtzionalak” ikastaroa bi egunetan egingo da.
Lehenengo egunean (ostiral-arratsaldea) haurren, elebidunen eta eleaniztunen hizkuntza garatzeko arazoen inguruan ingurune soziokultural desberdinetan izandako esperientziak aurkeztuko dira (Gaztela eta Leon, Kuba, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa).
Ikastaroaren sarrera eta gai orokorraren aurkezpena egingo dute zuzendariek aurrena, eta ondoren lau komunitatetan lan egiten duten profesional adituek hitzaldi bana egingo dute, bakoitzak bere testuinguruaren berri emanez. Jardunaldia amaitzeko, mahai-ingurua egingo da, “Eztabaida-mahaia” izenekoa. Bertan, komunitate bakoitzean talde profesional bakoitzak gaia (hizkuntza-arazoak antzeman eta eskuhartzearena) praktikan nola jorratzen duen hausnartuko da. Hizlarien eta bertaratuen iritziak eta gogoetak jasoko dira, eta praktika bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak aztertuko dira, praktika bakoitzaren osagai eredugarriak eta hobetu beharrekoak identifikatzeko ahaleginean.
Bigarren egunean (larunbat goiza) gai zehatzagoak eta praktikoagoak landuko dira, eta hainbat arlotan (unibertsitatean, osasunean, hezkuntzan eta gizartean) garatutako esku-hartzeko tresnak eta prozedurak aurkeztuko dira. Tresna/prozedura/esperientzia zehatzen inguruko hitzaldi bakoitzaren ondoren galdera eta eztabaidarako tartetxoa egongo da, eta ondoren tailer praktiko bat. Jardunaldia amaitutakoan ikastarora bertaratutakoei aukera emango zaie datorren urteko ikastarorako lan-ildoak proposatzeko.
Uda Ikastaroan zehar teknika parte-hartzaileak baliatuko dira bertaratutakoak elkarreragitera bultzatzeko eta ikastaroan zuzenean parte-hartzeko.
Hizkuntzarekin arazoak dituzten haurrentzako beharrezkoa den arreta hobetzen laguntzea, jaiotzatik haurtzaroa amaitu arteko etapetan, hainbat eremutan: familia, osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak eta gizartea, oro har.
Gai hauei buruz gogoeta egitea:
Programa eraginkorrak garatzeko jardunbide egokiak eskaintzen dituzten adituengandik ikastea eta adituak prestatzea.
Diagnostikoa eta banakako esku-hartzea errazten duten tresnen eta baliabideen garapenean egindako aurrerapenak aztertzea.
Urtero 60 pertsona baino gehiago biltzen dituen hizlari eta bertaratutakoen komunitate txiki honek eskaintzen dizkigun beharrak, zailtasunak eta ekarpenak partekatzea.
Ikastaroan parte hartzen duten eragileen ezagutza eta prestakuntza zabaltzen laguntzea.