Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Udako ikastaroak 2026 EHU: «SOBREMESA – Identidades, migraciones y tradiciones a través de la comida»

septiembre 11 - septiembre 13

Janaria ez da errezeta, elikadura edo kontsumo-ekonomia hutsa. Gizarte batek bere burua nola antolatzen duen, nola irudikatzen duen eta nola eraldatzen den ulertzeko bide pribilegiatua ere bada. Haren bidez irakur daitezke identitate kolektiboak, migrazio-prozesuak, turismoaren eragina, eguneroko bizimoduen egitura, lanaren antolaketa, jateko espazioak, arau sozialak eta kultur iruditeriak.

Uda ikastaro honek jaaria ikuspegi historiko, sozial eta kultural batetik aztertzea proposatzen du, gaur egungo gizarteak eta Europako testuingurua pentsatzeko tresna gisa. Ikastaroaren interesgunea ez da soilik zer jaten den, baizik eta nola eraikitzen diren janariaren inguruko kontakizunak, nola mugitzen diren produktuak, teknikak nahiz ohiturak, nola eragiten duten turismoak eta merkatuak tokiko identitateetan, eta zer erakusten duten jateko moduek gure bizimodu garaikideez.

Horrenbestez, ikastaroak elkarrizketan jarriko ditu, besteak beste, identitate gastronomikoen eraikuntza, migrazioen eta zirkulazioen eragina, janariaren testuinguru sozialak, jateko espazioen bilakaera, elikadura-lanaren eraldaketa eta gaur egungo moralitate alimentarioak. Ez da, beraz, gastronomiari buruzko ikastaro espezializatu bat bakarrik, ezta ponentzia-segida konbentzional bat ere; aitzitik, ikerketa, gogoeta kritikoa, bitartekaritza kulturala eta publiko zabalagoentzako irekitasuna uztartu nahi dituen topagune bat da.

Programak askotariko formatuak bilduko ditu: esku-hartze laburrak, elkarrizketa publikoak, tailerrak, familientzako jarduerak eta janari partekatu baten inguruan egituratutako sobremesa-formatuko saioak. Horrela, ikastaroak topagune zorrotz, irisgarri eta parte-hartzailea izan nahi du, unibertsitateko ikasle eta ikertzaileentzat, gastronomiaren sektoreko profesionalentzat eta janariaren dimentsio kulturalean interesa duen publiko zabalagoarentzat.

Ikastaro hau Europar Batasunaren laguntzarekin eta Europa Creativa programaren esparruan egindako SOBREMESA proiektuan kokatzen da. Era berean, Tabakalerarekin lankidetzan antolatuko da, ikastaroaren garapena, harrera eta programa publikoarekin lotutako zenbait alderdi elkarrekin artikulatzeko.

Helburuak

Janaria gizarte-, kultura- eta historia-prozesuak aztertzeko tresna gisa erabiltzea, identitateak, migrazioak, tradizioak eta gaur egungo bizimoduen eraldaketak modu kritikoan lantzeko, eta, aldi berean, ikerketa, kultura-praktika eta publiko zabalaren arteko topagune bat eraikitzea.

Helburu espezifikoak:

Janariaren bidez identitate kolektiboen eraikuntza historikoa eta kulturala testuinguruan kokatzea, kontakizunek, turismoak, hedabideek eta politika kulturalek prozesu horretan duten eragina azaleratuz.

Migrazioek, zirkulazioek eta kultura arteko trukeek elikadura-praktiketan duten eragina aztertzea, egokitzapen-, hibridazio-, gatazka- eta legitimazio-prozesuei arreta berezia eskainiz.

Janaria plateretik harago ulertzea, haren testuinguru sozial, espazial eta sinbolikoak kontuan hartuta: noiz, non, norekin, nola eta zein baldintzatan jaten den.

Gaur egungo elikadura-kulturen eraldaketa batzuk aztertzea, hala nola turismoaren eragina, jateko espazioen bilakaera, eguneroko formatuen aldaketa edo janariaren inguruko lanaren profesionalizazio eta prekarizazio prozesuak.

Historialari, ikertzaile, sukaldari, kultur eragile eta beste profesional batzuen ikuspegiak elkarrizketan jartzea, janaria memoria, identitate, lan, zaintza eta harreman sozialen eremu gisa ulertzeko.

Parte-hartzaileen inplikazio aktiboa sustatzea, solasaldi, tailer, jarduera ireki eta sobremesa-formatuko saioen bidez, bakoitzak bere esperientziak eta inguruko janari-kulturak modu kritikoagoan berrirakur ditzan.

UIKeko Uda Ikastaro baten markoan, eduki zorrotzak eta formatu irekiagoak uztartzeko aukera esperimentatzea, etorkizuneko antzeko ekimenetarako erreferentzia izan daitekeen eredu bat eskainiz.

Jarduera nori zuzenduta

  • Publiko orokorra
  • Unibertsitateko ikaslea
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Irakasleak
  • Profesionalak
  • Agentes culturales, sector gastronómico y asociaciones migrantes

 

Local

Kutxa Fundazioa Artegunea – (Kutxa Fundazioa Tabakaleran – 0 solairua – Artegunea)
Andre Zigarrogileen plaza, 1 (Tabakalera, 0. solairua)
Donostia / San Sebastián, Gipuzkoa 069 España