
Ikastaro-proposamen hau hipotesi nagusi batetik abiatzen da: hizkuntza gutxituak ez dira kultura-ondare hutsak, baizik eta komunitatearen garapen iraunkorrean eta ongizatean aktiboki eragiten duten tresnak. Abiapuntu horretatik, ikastaroak euskararen biziberritzea eta garapen komunitarioaren arteko lotura aztertzea proposatzen du, hizkuntzek komunitateen kohesioan, agentzian eta bizitza bizigarriak eraikitzeko duten zeregina azpimarratuz. Ikuspegi honek hizkuntza biziberritzea politika sektorial isolatu gisa ulertzea gainditu, eta komunitatearen ongizatearekin lotutako prozesu holistikoago baten barruan kokatzen du.
Hipotesi hori kontrastatzeko, ikastaroak Euskal Herrian komunitatearen garapen iraunkorra eta euskararen biziberritzea uztartzen dituzten hainbat ekimen komunitarioren esperientziak ezagutu eta elkarrizketan jartzea proposatzen du. Esperientzia horien aniztasunetik abiatuta —arlo, eskala eta testuinguru soziolinguistiko desberdinetakoak—, elkarguneak, bidegurutzeak, erronka partekatuak eta etorkizunerako gakoak identifikatzea da helburua.
Jardunaldi hau lankidetzan antolatu dute UEUk eta Deustuko Unibertsitateak, EMUNek, EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak (Fosterlang ikerketa proiektua) eta Soziolinguistika Klusterrak.