
Maider López (Donostia, 1975) artistaren Ukitu erakusketak haren azken hamarkadako praktika artistikoa dauka abiapuntutzat. Urte horietan artistak nazioartean gauzatu dituen proiektuetako asko biltzen ditu erakusketak, baina aurretik egindako lan batzuk ere berreskuratzen ditu, testuingurua eman eta erlazio berriak sortuz. Erakusketa bi egoitzatan aurkezten da aldi berean: Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eta Kutxa Fundazioa Kubo aretoan.
Maider Lópezek hiri-inguruneetan eta ingurune naturaletan —eraikinak, plazak, mendiak, hondartzak edo ibaiak— esku hartuz garatzen du bere jardunbidea. Esku-hartze horietako batzuk eskala handiko ekintzak dira; beste batzuk, aldiz, xumeagoak. Besteekin eta ingurunearekin dugun harremana aldatzera gonbidatzen gaituzten lanak dira guztiak (kolektibitateak sortzen dituzten ekintza publikoak, artistak behatzen eta erregistratzen dituen egoerak eta abar), eta ikuslearen parte-hartzea eskatzen dute sarritan.
Erakusketaren izenburuak, Ukitu, erreferentzia egiten dio bai artistak bere lan-testuingurua iraultzeko eta eraldatzeko duen gaitasunari, bai artistaren azkenaldiko proiektuetan ukimenaren zentzumenak hartzen duen zentraltasunari. Baina orobat egiten dio erreferentzia artearen dimentsio afektiboari ere: nola ukitzen dugun eta nola
uzten diegun besteei gu ukitzen.
Tabakaleran eta Kutxa Fundazioa Kubo aretoan aurkeztutako erakusketaren bi zatiak elkarren osagarri dira, eta hunkitzeko eta hunkitua izateko maila desberdinak erlazioan jartzen dituen ekosistema bat osatzen dute biek batera.