Aurrez aurre eta online.
Uda Ikastaro honek arkitektura artxiboen garrantzia ezagutarazi nahi du; baita XX. mendeko kultura ondare garrantzitsu hori babesteko beharra agerian utzi ere.
Azalpena
Arkitektoen lanbidea gizartean inplikazio gehien duen lanbideetako bat da, eta izaera sozial hori bereziki nabaritzen da bere lan profesionalak uzten duen arrastoan, bai eraikuntzari dagokionez, bai proiektuari dagokionez. Arkitektura eta hiri ondare dokumental ugari jasotzen duen arkitektura eta hirigintzako artxiboak ezinbesteko iturri dira XX. mendean arkitekturak berak, hirigintzak, hiriek edo kultura arkitektonikoak izan dituzten aldaketak ulertzeko.
Hala ere, arkitektura artxiboak gutxi ezagutzen dira Euskal Herrian. Horregatik, Uda Ikastaro honek horien garrantzia ezagutarazi nahi du; baita XX. mendeko kultura ondare garrantzitsu hori babesteko beharra agerian utzi ere.
Ikastaroak Euskal Herriko eta Nafarroako arkitektura artxiboetara ez ezik, estatuan eta nazioartean sustatutako ekintzetara ere hurbildu nahi ditu parte-hartzaileak eta horretarako profesionalak, arkitekturaren ikertzaileak eta ondare arkitektonikoaren espezialistak izango dira hizlari. Ikastaroa teorikoa izango da nagusiki, baina arkitekto ezagun baten artxibo pribatu batera bisita ere egingo da, horrelako zentro batek dakartzan inbentario, antolaketa, zaintza, azterketa eta zabalkunde lanak bertatik bertara ezagutzeko.
Helburuak
Euskal Herri mailan, Estatuan eta nazioartean, arkitektura eta hiri ondare dokumentalaren inguruan erakunde publiko eta pribatuetako arkitektura artxiboak egiten ari diren lana ezagutaraztea.
Arkitekturaren eta hirigintzaren ondare fisikoa eta dokumentala aurkitu, antolatu, zaindu, aztertu, babestu eta zabaltzeko lanak duen garrantzia agerian uztea.
Arkitektura eta hirigintza dokumentu ondareari buruzko ezagutza hedatzea bai gizarteari oro har, bai ikasleei, irakasleei edota adituei ere, ezagutzaren esparrukoak izan ala ez.
Arkitekturaren eta hirigintzaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartzea, gaur egungo arkitektoek arkitektura artxiboetan gordetako askotariko obra eta proiektuen bidez.