«Otsaila, maitasunaren hila, hots hila, animali mota askoren ernaltze hila. Hasieran, maitemintzea, ondoren, maitatzea… maitasun iraunkorra kasu batzuetan… Maitasuna eta Maite-Mina.
Euskal Kantu askotan maitasuna Minarekin azaltzen da “Maite bat maitatzen dut, itxaropenik gabe…”; “Nik zu maite, zuk ni ez…”; “Noizbait iluntzen bada nigan zure irudi eztia, kontu egizu maite, galdua dedala bizia”.
Zarautz Abesbatzak maitasun handiz abestuko dituen kantek maitasuna eta maite-mina euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan adieraziko dute.
Abestuko duten kantu sorta: Bi maitaleren istorioa; 1940. urtean estreinatu zen Quintanaren JAI-ALAI filmean EUSKARAZ azaldutako maitasunezko kantu ederra; Romandia aldeko erromantze oso zahar bat; Xabier Leteren maitasunezko kantu gozo bat: Itzal bihurtuko naiz zu galtzen bazera, itzalaren itzala ezereza bera; Zuberotar abestiak… Eta aurten, beste 2 kantu berri estreinatuko dituzte, bat, Euskal kantarik zaharrenetarikoa, Lope de Vegak Araban jaso eta 1618. urtean idatzitako “Los Ramilletes de Madrid” lanean, euskaraz azaldu zuen bertsoa: “Zure begi ederrok, ene laztana, katibaturik nabe, librea nintzana”.
Bertso zati hau bere doinuarekin soilik hartuta Zarautz Abesbatzarentzat moldatu berria dutela lehen aldiz abestuko dute. Eta beste kantu berria, Anje Duhalderen Maitasun Aroa.
Kanta batzuek entzulearekin batera abesten dira emanaldi honetan. Urtero bertaratzen direnek ondo dakite zein kantu diren, Jose Inazio Iztuetak bere 2. bikoteari, Kontxexi azpeitiarrari eskainitako bertso batzuek, beste kanta ezagun batzuren artean, eta emanaldia amaitzeko abesten duten Mexikar kantu bat, Joxelu Anaiak taldeak euskaraz abesten duena, Hil Arteraino kanta mitikoa.»