
ZINEMASTEAk, Vital Fundazioak antolatzen duen euskal zinemaren jaialdiak, aurten ARKABIAra eramango du bere 42. edizioa, erakundearen kultura- eta aisialdi-gune berrira (Posta kalea 13-15, Gasteiz). Hitzordua urtarrilaren 23tik 30era izango da, eta euskal produkzioko hamar film onenak dakartza. Amaiera ekitaldia eta sari banaketa hilaren 31n egingo da Europa Jauregian.
Aste barruko emanaldiak 19:30ean hasiko dira; hilaren 24an (larunbata) eta 25ean (igandea) emanaldi bi egingo dira (16:45ean eta 19:30ean), eta ondoren solasaldi bat egongo da film luzeko protagonistekin: zuzendariak, artistak, gidoilariak… Saio guztietara eta amaiera ekitaldira joateko abonuak (22 €) eta eguneko sarrerak (3 €) eros daitezke www.zinemastea.eus jaialdiaren webgunean, baita Arkabian ere (Posta kalea 13-15) astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita).
Zinema Akademiak aurtengo Goya sarietarako izendapenen berri eman du eta gala hori otsailean izango da. ZINEMASTEAn programatutako filmek 26 izendapen lortu dituzte, horien artean faborito nagusietako bi ditu: LOS DOMINGOS, 13 izendapen ditu, eta MASPALOMAS, 9 izendapen ditu. Biak dira film eta zuzendaritza onenaren sarirako hautagaiak.
Egitarauan honako lan hauek nabarmentzen dira: Paul Urkijoren GAUA, gasteiztar zuzendariaren beldurrezko film berria, XVII. mendean girotua; Alauda Ruiz de Azúaren LOS DOMINGOS familia-drama erlijiosoa, Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra; MASPALOMAS, J. M. Goenagak eta Aitor Arregik LGTBIQ+ komunitateko zahartzaroari buruz egindako filma, José Ramón Soroiz aktore nagusiarentzat hainbat sari jaso dituena; DECORADO, Alberto Vazquezek egungo krisiei buruz egindako animazio-proposamena; TODO LO QUE NO SE, Ana Lambarriren lehendabiziko film luzea; LA ISLA DE LOS FAISANES immigrazioari buruzko thrillerra, Asier Urbietarena; JONE BATZUETAN Sara Fantovaren lehenengo film luzea; KARMELE, Asier Altunarena, Espainiako gerra zibileko benetako gertaerei buruzko Kirmen Uriberen izenburu bereko eleberrian oinarritua; Alberto Gastesiren SINGULARRA drama psikologikoa; eta Juanma Bajo Ulloa zuzendari gasteiztarraren azken filma, EL MAL.
ZINEMASTEAk sei kategoria ofizial ditu: filmik onena, zuzendaritzarik onena, gidoirik onena, interpretazio nagusirik onena, aktore-multzoko interpretaziorik onena eta, aurtengo nobedadea, jatorrizko soinu-bandarik onena. Sariak osatzeko, ikusleek film onenari ematen dioten saria eta Vital Fundazioak zinemarekin zerikusia duten arabarrei ematen dien ‘Gutako Bat’ saria daude.
Sariak erabakiko dituen epaimahaia zinema arloko bost profesional nabarmenek osatzen dute: Sonia Almarcha aktoreak; Cristina Delgado kazetariak; Eulalia Ramón aktore eta zuzendariak; Javier Ruiz Caldera zuzendari eta gidoilariak; eta Enrique Villén aktoreak.
Jon Plazaolak eta Nerea Mazok aurkeztuta, aurtengo galan ikus-entzunezkoen arloko profesionalen ordezkaritza zabala izango da, eta topaketa benetako ospakizun kolektiboa bihurtuko da.
Rockalean taldeak, hamar urte baino gehiagoko esperientzia duen bost musikarik osatutako taldeak, musika banda jarriko dio ekitaldiari, eta umorea ere ez da faltako Gurutze Beitia eta Gorka Aginagalderen eskutik.
Hitzordua urtarrilaren 31n izango da, 20:00etan, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta ikustera joateko gonbidapenak lor daitezke ARKABIAN (Posta kalea 13-15), astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita), eserlekuak agortu arte.