
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok «Classique = Moderne» zikloaren hirugarren eta azken zatia programatu du, Bilboko Zinematekaren 40 urteak gogorarazten dituena. Espazio honen programatzaile José Julián Baquedanorekin batera hasieran hiru kapitulu hauetarako aukeratutako 37 filmak ezinbestekoak dira, zinemaren historian duten garrantziagatik.
Jean Luc Godard-en Bande à parte (1964) filmetik hartutako Classique = Moderne esaerak aurrez aurre jartzen ditu a priori kontrajarriak diren baina zinemaren oinarria adierazpen artistiko gisa egituratzen duten bi kontzeptu. Gaur egun “zinema klasiko” gisa ulertzen dena garai batean proposamen garaikidea izan zen, askotan iraultzailea edo urratzailea, eta aukera narratibo, tekniko eta estetiko berriak ireki zituen. Era berean, gaur egun modernotzat edo berritzailetzat jotzen dena tradizio baten parte bihurtzen da, artelan gisa aztarna uzten duen heinean.
Zikloak formatu analogikoaren erabilera ere nabarmentzen du, zeluloidezko proiekzioak eta digitaleko erakustaldiak uztartzen baititu. Nahasketa hori ez da iraganeko zerbait, egun-gungoa da, zinemagile garaikide askok analogikoan lan egitea aukeratzen baitute beren filmetan estetika naturalago bat lortzeko.
Irizpide hori kontuan hartuta, Classique = Moderne. Zinematekaren historia berri bat zikloaren hirugarren kapitulu honetan, ekoizpen zinematografikoaren bederatzi maisulan izango ditugu ikusgai.
Muriel ou le Temps d’un retour [Muriel edo itzulera baten unea] (1963) obrarekin hasiko da zikloa. Alain Resnais zuzendariaren lanik enblematikoena da, memoria, errua eta Aljeriako gerra ardatz dituena. Gero, The Bank Dick [Detektibea indarrez] (1940) izango dugu ikusgai, amerikar komediaren klasiko bat. Filmaren zuzendari, aktore eta gidoilari W.C. Fields nabarmentzen da bere talentu komiko eta sortzaileagatik. Eta ezin alde batera utzi Ingmar Bergman-en moduko zuzendari handiak. Oraingoan Vargtimmen [Otsoaren ordua] (1968) filmarekin iritsiko da Zinematekara. Bere filmik ilun eta enigmatikoenetako bat da, drama psikologikoa eta beldurrezko zinema sinbolikoa nahasten dituena. El sur [Hegoaldea] (1975) da programa honetako beste harribitxietako bat. Victor Ericeren maisulana funtsezkoa da XX. mendeko Espainiako identitate kulturala eta zinematografikoa ulertzeko.
Tod Browning-en Freaks [Munstroak] (1932) filmak argi erakusten du ez dagoela zinema klasikoa baino kontu gaurkotuagorik. Izuaren maisu eta bere garaiari aurrea hartuta, gorputza eta desberdintasuna esploratu zituen duela mende bat, garai hartako konbentzio sozial, moral eta estetikoak urratuz. Era berean, Stanley Kubrick pantailen, adimen artifizialaren eta, oro har, teknologien ameslari bat izan zen. Horregatik, berrogeita hamar urte geroago, 2001: A Space Odyssey [2001: Espazioko Odisea] (1968) egun-egungo film bat da oraindik, eta zinemaren historian literatura gehien sortu duenetako bat.
Zikloan, egokitzapenak ere berrikusiko dira, hala nola Stefan Zweig-en kontakizunik onenetakotzat jotzen den Letter from an unknown woman [Emakume ezezagun baten gutuna] (1948) lanarekin Max Ophüls-ek egin zuena. Aki Kaurismäkiren zinema ezagutzeko parada ere izango dugu, Tulitikkutehtaan Tyttö [Pospolo-fabrikako neska] (1990) filmarekin. Eta, azkenik, John Cassavetes aktore eta zinema-zuzendari independentearen filmik enblematikoena: Faces [Aurpegiak] (1968).