
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoren Zinematekak Fritz Lang izenez ezaguna den Friedrich Christian Anton Lang-en filmografia berrikusiko du, Amerikako etapa ardatz izango duen ziklo batean.
Nazismotik ihesi, zinemagile alemaniarrak lurralde berri bat aurkitu zuen sorkuntza lantzeko, Estatu Batuetan eta Hollywooden. Hogei film baino gehiago zuzendu zituen, bere burua berrasmatu, eta krimen eta noir zinemaren oinarriak ezarri zituen.
Programa honetarako hautatutako filmek Lang-en filmografian errepikatzen diren gai batzuetan sakontzen dute: pertsonak duen hauskortasun morala sistemaren aurrean. Diktadura batean, egunkari baten erredakzioan, harreman sentimental batean zein prozesu judizial batean egon, beren filmetako protagonistak mugitzen diren unibertsoan, egia nahasgarria da eta justizia zalantzazkoa.
Zinematekak aurretik ere proposatu ditu Fritz Lang-i buruzko zikloak, baina bereziki egokia da orain etapa honetara itzultzea. Gaur egun, muturreko diskurtsoak berpizten ari dira eta pitzadurak ikusten dira instituzio demokratikoetan. Horiek horrela, Fritz Lang-en zinemak sekula baino gaurkotasun gehiago du. Bere lanak gogora ekartzen digu egiturazko indarkeria, manipulazio kolektiboa eta bidegabekeria ez direla abstrakzio historikoak, baizik eta errepika daitezkeen dinamikak. Ziklo honek ibilbide bat egin nahi du zinema klasikoaren etapa erabakigarri batetik eta, gainera, gonbidapen bat da orainari begiratzeko XX. mendeko zinemagilerik handienetako baten buru-argitasun gupidagabearekin.