
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok Glenda León (Habana, 1976, 2011tik Madrilen bizi da) artistaren lana aurkeztuko du «Zuhaitz bat basoan erortzen da» erakusketan.
Glenda León diziplina anitzeko sortzailea da, eta nazioartean ibilbiderik eta proiekziorik handiena duen artista hispanoamerikarretako bat da. Bere praktikan instalazioa da nagusi, eta askotariko lengoaiak erabiltzen ditu: argazkigintza, pintura eta digitala, musika, literatura edo dantzarekin lotuta. Obra aberatsa du, ibilbide emozional ugarirekin, eta espektro sortzaile berezia eta ezaguna zabaltzen du, bere kodeetatik eta konexio kontzeptual sofistikatuetatik abiatuta.
Erakusketan, artistaren lanaren bereizgarria den “kontzeptualismo sentikorra” egongo da ikusgai, metafora poetikoa erabiltzea garrantzi politiko eta sozial handiko gaiei aurre egiteko.
Glenda Leónentzat entzutea ez da ekintza fisiko bat soilik, kontzientzia-modu bat ere bada. Bere praktikan, soinua eta isiltasuna tresna bihurtzen ditu ikusezina, espirituala eta politikoa dena hautemateko. Zuhaitz bat basoan erortzen bada erakusketaren izenburua, errealitatearen eta pertzepzioaren arteko harremanari buruzko dilema filosofikoa da, eta esperientzia sentsorial hori islatzen du. Kanpoko eta barruko zarataz gainezka egon arren entzuteko gai ez den mundu baten aurrean, Glenda Leónek isiltasuna proposatzen du espazio aktibo gisa. Erronka eta gonbidapen bat da gorputzarekin eta ingurunearekin berriz konektatzeko, inork entzun gabe eroritako zuhaitza egungo gizartearen metafora bihurtzeko. Eta entzute berritu baten aldeko deia egiteko, gertatzen denari zentzua eman, ezkutuan dagoena ikusarazi eta pertzepzioa presentzia- eta ezagutza-modu bihurtuko duen entzutearen alde.
Hori guztia egituratzeko, lotuta dauden hiru arlotan banatzen da erakusketa-proiektua. Lehenengoa arlo politiko eta sozialean ardaztuta dago, eta, bertan, lanek bizitza garaikideko tentsioak aztertzen dituzte: polarizazio ideologikoa, botere-mekanismoak, zentsura, aurrerapenaren kontraesanak eta arlo kolektiboan zein intimoan dauden gatazka-dinamikak. Bigarren arloak natura lantzen du sistema interkonektatu gisa, eta hainbat fenomeno lotzen dituzten patroi komunak azaleratzen ditu. Hurbilketa zientifiko eta, aldi berean, poetiko baten bidez, ingurunearekiko harreman kontzienteagoa eta sentsorialagoa sustatuko duen begirada bat proposatzen da. Hirugarren arloa espiritualtasunera bideratuta dago. Proposatzen duen ikuspegiak desberdintasun erlijiosoak gainditzen ditu, eta esentzia partekatu batean ardazten da.
Unibertso horretan guztian, umore sotilaz eta ironia arinaz gain, harrokeria saihesten duen erudizio-puntu bat dago. Glenda Leónen lanak era berean eskaintzen ditu zentzua eta edertasuna, jakintza eta intuizioa, kontzeptua eta sentsualtasuna. Eraikitzen duen lurraldean, batera agertzen dira baikortasuna eta esperientzia sentsorial bizi bat.
Glenda Leónen bakarkako lehen erakusketa izango da Bilbon, baina ez da bere lana Azkuna Zentroan erakusten duen lehen aldia. 2019an, Nunca real / Siempre verdadero erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, zeinak artearen eta literaturaren arteko sinbiosia landu zuen, 13 artistaren begiradaren bi