
Zer(K)nias zikloaren barne.
Miss Cosas bizitza bakartia daraman pertsonaia da. Bere munduan, izan nahi duen guztia izatera jolasten da. Bere etengabeko gorabeheren artean, protagonismoa lapurtuko dion pertsonaia bat agertuko da. Miss Cosasek errealitatearen eta fikzioaren artean bidaiatuko du, bakarkako lehen ikuskizuna izango dena sortu nahi duen emakume sortzaile gazte baten buruan pertsonaia izaten jarraitzeko borrokan.
“Miss Cosas y Yo” zintzotasun izugarriko lana da, antzerkia, clowna, dantza garaikidea eta stand up comedy uztartzen dituena. Hartan, Diana Pla Solinak (Estatuko hainbat antzokitan “Travy” lanarekin familiarekin batera –Oriol Pla nebarekin eta Quimet Pla eta Núria Solina gurasoekin – ibili ondoren) bere zauriak plataformarik onena bihurtzen ditu guztiok berarekin batera joateko gonbidatuta senti gaitezen, aldi berean gure zauriak bisitatu ditzagun. Eta umorea aliaturik onena izanda.
Fitxa artistikoa:
Diana Pla Solina antzerki fisiko, dantza eta clown artista da. Sei urterekin hasi zuen karrera, Teatre Tot Terreny familiaren konpainiarekin: sorkuntza-taldean parte hartu zuen eta kaleko antzerkiaren, clownaren eta maskararen artea ikasi zuen, Núria Solina eta Quimet Pla gurasoen eskutik. Ondoren, bakarka, antzerkian, dantza klasikoan eta garaikidean, akrobazian eta ariketa akrobatikoetan trebatu zen, hainbat maisuren tekniketan, esaterako, Jacques Lecoq maisuarenetan. Kaleko ikuskizunak sortzen lan egin du: besteak beste, “El General Bum-bum” (2000) edo “Poematón” (Festival Grec 2015). La Pública konpainiarekin eta Payasos Sin Fronteras-ekin kolaboratzen du, clown laborategiak zuzentzen ditu eta sorkuntzan laguntzen du. 2018an, familiaren konpainiarekin, “Travy” ikuskizuna sortu zuen: Oriol Plak zuzentzen du eta Pau Matas eta Oriol Pla arduratzen dira dramaturgiaz. Zortzi urte geroago, birak egiten jarraitzen du lanak.
2018an, Dianak Nemin konpainia sortu zuen, beste artista batzuekin batera sorkuntzarako eta ikerketarako espazio bat aurkitzeko, non gorputz-hizkuntza eta dantza, antzerki eta clownaren arteko lotura jorratzeko. “Elkartzea, elkar sustatzea eta nork berea aurkitzea”, bere hitzetan. “Sorkuntza artistikoa dibertimendu eta jolas huts gisa berreskuratzea, partekatze hutsagatik elkartu ahal izatea; horrela irakatsi didate nire maisu artistikoek, eta, oinarri horren arabera gustatuko litzaidake hazten jarraitzea”. “Miss Cosas y Yo” da konpainiaren lehen lana eta Dianaren bakarkako lehen ikuskizuna.