
2026ko Eztena jaialdiaren barne.
«PeA» soinua, gorputza eta espazioarekin egindako esperimentua da. Inprobisazioa eta idazketaren arteko tentsioan sortuko dena kontzertuko egunera arte. Ez dakigu joko ditugun abestiak berriro errepikatuko ditugun. Ez dakigu joko ditugunak abestiak diren.
Peru Galbete (Usurbil, 1987) Ahotsa eta irudiarekin egiten du lan, batzuetan bakoitza bere aldetik eta beste batzuetan elkar erlazionatuz. Ahots esperimentazioa, inprobisazioa, performancea eta kantuaren malgutasuna ditu interesgune. Bi film labur eta lau musika album argitaratu ditu, bigarrena osoki Boliviako basoan grabatua. Sorkuntza indibidual naiz kolektiboetan ibili izan da: dantza piezak, musika taldeak, antzerki obrak, pelikulak, performanceak…
Andrea Berbois (Eibar, 1988) Musikaria eta performerra. Bere praktika soinua eta performantzearen artean mugitzen da. Gorputzaren eta soinuaren bitartez presentzia eszenikoan zentratzen da, memoriako material fresko zein solidifikatuak momentu presentera ekarriz eta erabiliz. Tripak kolektiboaren parte, obra eszenikoen zein performantzeen sorkuntzan aritu da eta Kampai espazioaren parte da 2022tik. Bertan aurkeztu du bere lehen solo kontzertua.
Elkarlanean “Bach desbariazioak. Jabon D’Yor” kontzertu fisikoa aurkeztu zuten 2023an eta orain “PeA” beraien bigarren elkarlana aurkeztuko dute Eztenan.